20 ekitaldi baino gehiago Gasteizen euskararen eguna ospatzeko

24 noviembre, 2022

Programazioa kolektibo eta eragile euskaltzaleek diseinatu dute

Vitoria-Gasteizek Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuko du. Udalak eta Vital Fundazioak 20 ekitaldi baino gehiago antolatu dituzte hurrengo egunotan, euskararen eta euskal kulturaren inguruan.

Abenduaren 2an, Euskararen Nazioarteko Egunaren adierazpen instituzionala egingo du Udalak. Horrez gain, itzulpen onenei Vitoria-Gasteiz sariak banatuko dira. Hilaren 3an bertan, Euskararen Nazioarteko Egunarekin bat eginez, hiriko kaleetan kalejira, antzerkia eta kandelak piztuko dira.

Proposamenen zikloak kultur arloko hainbat jarduerarekin jarraituko du egun batzuetan zehar.

Jarduera guztiak

Udal-programazioa elkarlanean antolatu dute gizarte etxeen sareak, Udal liburutegien sareak, Gauekoak, Principal Antzokiak eta Euskara Zerbitzuak. Gainera, hiriko eragile euskaltzaleen laguntza izan du: Geu Elkartea, Zabalganeko ZET euskara taldea, Mendibea Zagalganeko guraso elkartea, besteak beste.

'Harria' eta 'Noa uy uy uy'

Vital Fundazioak ere bi ekitaldi antolatu ditu Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko. Abenduaren 2an, ostirala, Vital Fundazioa Kulturunean ‘Harria' ikuskizuna izango da ikusgai, Iñaki Perurena eta Mulixka Dantza Taldeko dantzariak protagonista dituen lana.

Eta, larunbatean, Panta Rheiren ‘Noa uy uy uy uy' lana eskainiko dute areto berdinean. Ikuskizun honek aktoreek eta txotxongiloek antzeztutako hiru urteko neskato baten istorioa aurkezten du. Lehenengo ikuskizuna 20:00etan hasiko da, eta bigarrena 18:30ean.

Sarrerak 3 euroren truke eros daitezke online edo Vital Fundazioaren egoitzan (Kordoi Etxea, Aiztogile kalea, 24).

Sarrerak erosi

‘Harria’ lanak dantza tradizionala eta zuzeneko narrazioa uztartzen ditu. Tramaren erdian, Iñaki Perurena harri-jasotzaile ezagunak harriaren mundura eramango du publikoa eta bere alderik pertsonalena ezagutzeko aukera emango du. Harriari buruz hitz egingo du, “inoiz inork egin ez duen bezala”, ikuskizunerako egindako poemak errezitatuko ditu eta “emozioa transmitituko du bere bizipen pertsonalen bitartez”, nabarmendu dute antolatzaileek.

Bere ondoan Mulixka Dantza Taldea izango da. Hamar dantzarik "sentimenduz eta nortasunez" beteriko beren koreografiak interpretatuko dituzte. Koreografia horietan harriarekin zerikusia duten lanen xehetasunak eta horiekin zerikusia duten kirolen zertzeladak antzeman daitezke.

‘Noa uy uy uy uy', berriz, familian ikusteko pentsatutako ikuskizuna da. Interpreteek eta txotxongiloek hiru urteko neskato baten istorioa kontatuko dute. “Neskatila espontaneoa, askea eta bihurria da, eta urruti bizi diren aitona-amonak bisitatzera joango da. Amonak eta aitonak mundua berraurkituko dute Noaren begien bitartez, eta bere eguneroko bizitza ekintza bihurtuko da; umeak, bien bitartean, maitasun, konfiantza eta berezkotasun handiko unibertsoetara bidaiatuko du”, azaldu dute lanaren arduradunek.

‘Noa uy uy uy’ lanak Idoia Ayestaran eta Emilio Fernández de Pinedo ditu antzezle, eta hainbat sari jaso ditu txotxongilo jaialdietan, hala nola Galicreques Nazioarteko Jaialdian edo Txotxongiloen Jerezko Nazioarteko Jaialdian.