
Presentación del cómic: Frantziako Dama
Frantziako Dama da Jose Carlos Torre marrazkilariak eta Alvaro Rabelli idazleak orain arte elkarrekin egin duten komiki argitalpenik luzeena, Frantziako Andrea izeneko euskal balada ezaguna eleberri grafikora ekarri diguna. Ahozko tradiziotik datorren balada honen bertsoak Bizkaiko Zeanuri herrian jaso zituen Manuel Lekuonak eta 1933ko Anuario de Eusko Folklore delako aldizkarian lehen aldiz agertu ziren. Bada, egile bizkaitar biak bertsootan oinarritu dira Frantziako Dama albuma egiteko.
Edonola ere, baladatik harago, giroa eta pertsonaiak sakonago jorratu nahi izan dituzte, lanak narratibotasunean ere irabaz zezan. Ikuspegi berritzailea ere eman nahi izan diote Erdi Aroaren amaieran girotuta dagoen istorio honi, emakumezko pertsonaiei garrantzi handiagoa emanez. Hori dela eta, jatorrizko bertsoetan agertzen ez diren zenbait pasarte landu dituzte. Nabarmentzekoa ere bada Letizia Gaspar margolariak egindako hitzaurrea. Frantziako Dama honek, jatorrizko bertsoetan bezala, istorio lazgarria dakar, dramatikoa. Etxera itzultzen den zaldun batek emaztegaia hil beharko du amaren aginduz.